Gaur egun, oraindik ere, zaintza-lanen ardura nagusia emakumeen gain dago mundu zabalean, eta maiz, gainera, ordaindu gabeko lana izaten da. Egoera horrek negatiboki eragiten die emakumeen garapen pertsonal eta profesionalari; besteak beste, emakumeek bizitza sozial osasungarria izatea eragozten du, emakumeek beren ibilbide profesionalean aurrera egiteko aukerak murrizten ditu eta emakumeen
lanaldi bikoitza eragiten du (soldatapeko lanaz gain, familiako eta komunitateko kideen
zaintza-lanak egin behar izaten dituzte, eta gizonek baino denbora gehiago dedikatu behar izaten diete lan horiei).
Nagusiki emakumeek egiten duten lan ordaindu gabe horrek malgutasuna eransten dio lan-merkatuari; izan ere, enplegatzaileek gutxiago ordaindu behar dute beren langileek eta haien familiek bizirik irauteko behar dituzten
zaintza-lanak aserik izan ditzaten. Bestalde, emakumeek doan egiten dituzten zaintza-lanek administrazio publikoak bermatzen ez dituen zaintza-zerbitzuak ordezkatzen dituzte. Gainera, soldatapeko zaintza-lanen prestigio soziala oso txikia da, eta lan horietan ere emakumeek dihardute nagusiki, ordain eta lan-baldintza eskasekin eta behin-behinekotasun handiarekin.
Azken urteetan, Euskal Herriko eta nazioarteko
mugimendu feministak ordainik gabeko
zaintza-lanak ikusarazi ditu eta zaintza-sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatu du.